Zerbimek. NOLA ARI DIRA BIZITZEN GURE ENPRESAK Covid-19ak SORTUTAKO EGOERA?

NOLA ARI DIRA BIZITZEN GURE ENPRESAK Covid-19ak SORTUTAKO EGOERA?

Alain Vivas naiz, Zerbimek enpresako gerentea, eta 2016an hasi nuen nire ibilbidea. Ideiaren inguruan ordu asko pentsatzen eta lanean eman ondoren, egungo sozietatea sortu nuen 2017ko martxoan.

Tknikaren eskutik eta Urratsbat programaren barruan, hainbat urtetan buruan bueltaka zebilkidan negozio-ideiari forma ematen hasi ginen. Hasiera-hasieratik, indar handia eman nahi izan nien ZERBITZU eta GESTIO hitzei. Era berean, sozietate-izena eta merkatura eta bezeroengana bideratutako ikuspegia sortu ziren: ZERBITZU ETA GESTIO MEKANIKO INTEGRALA SLU.
 
Zuzeneko eta kalitate egokiko zerbitzuaren eta gestioaren aldeko apustua egin dugu beti, bezeroen premiei erantzuteko asmoz. Zerbitzu mekaniko integralean, mekanizazio sinple eta konplexuetan, serie labur eta unitarioetan eta material mota ororekin dihardugu, eta, horretarako, azken belaunaldiko makinak eta tresnak erabiltzen ditugu. Gaur egun, 14 pertsonaz osatutako diziplina anitzeko lantalde bat dugu. 



Nolako eragina izan du alarma-egoerak zure enpresaren jardueran orain arte? 
Eta etorkizunari begira, nolako eragina izango du epe laburrera, zure ustez?

Egia esan, jarduerari eutsi ahal izan diogu alarma-egoera hasi zenetik. Gure bezero batzuek hornidura-katea ez gelditzeko ezohiko ahalegina egin genezan eskatu ziguten, elikagaien sektoreko eta farmazia-sektoreko premiazko produktuen fabrikatzaileak baitira. Gu funtsezko hornitzaileak gara haientzat. 

Orain arte, "ekaitzetik onik ateratzea" lortu dugu, baina fakturazioaren % 30eko murrizketa bat kudeatu behar izan dugu bigarren hiruhilekoan. 

Epe luzera, ez naiz gai lan-egoera berriak gugan nolako eragina izango duen aurreikusteko. Oraintxe bertan, ziurgabetasun-maila handia dela eta, helburuak ia astero berrikusten ditugu. Bezeroekin ahalik eta traturik zuzenena eta hurbilena edukitzen saiatzen gara, gure baliabideak haien eskarira modurik eraginkor eta efizienteenean egokitzeko aukera ematen digun informazio-fluxu iraunkorrari eutsi ahal izan diezaiogun. 

Normaltasun berria mugarria izango da, eta hau bezalako krisi baten aurrean zer kalteberak garen ikusarazi digu. Egun batetik bestera, luzaz egindako ahalegin guztia pikutara joan daiteke enpresaren arlo guztietan egitura sendorik ez badago: pertsonak eta taldea, gestio ekonomiko-finantzarioa, prozesu-produktuaren gestioa, bezeroekiko harreman komertziala eta abar.

Zure ustez, eta etorkizunari begira, honek guztiak izango al du eraginik zure bezeroen portaeran? 

Galdera handia dugu aurrean. Txinako osasun-krisia zeharka pairatzen hasi ginen. Ondoren, krisia Europan eta mundu osoan zabaldu da, eta bete-betean harrapatu gaitu. 

Eguneroko jardunean, gure bezero guztien jarraipena egiten dugu, zer egoeratan dauden, zer proiektu ari diren garatzen eta, aurreikusitakoaren arabera, epe labur, ertain eta luzera zer proiektu aterako dituzten jakiteko. Lehen balorazioen ondoren, batzuek ez dute aurreikusi normaltasunera itzultzea, 2020. urtean bederen. Erronka asko ditugu aurrean, eta merkataritza-lan handia zein egungo lan-kargetara egokitzeko lan handia egin behar dugu. 
Suposatzen dut denek ezin izango diotela aurre egin ekaitz honi eta, kaltetuen artean, baliteke gure bezero batzuk egotea (egungoak zein potentzialak).  Gure ustez, estrategiarik onena merkatuaren zaintza-lan garrantzitsua egitea eta gure jarduera eta baliabideak egokitzea da, bezeroaren gogobetetasunaren zerbitzu- eta gestio-ikuspegitik.

Egin edo aurreikusi al duzu aldaketaren bat errealitate berriari aurre egiteko?

Bizi dugun ziurgabetasun handiak ito ez gaitzan eta geldiarazi ez diezagun saiatzen naiz. Era berean, orainari modu bizkor, malgu eta eraginkorrean aurre egiten saiatzen gara. Ez gara batere selektiboak izaten ari, lehen bezala lan egiten jarraitzen dugu, eta, gainera, erronka berri eta desberdinei aurre egiten saiatzen gara: mekanizazio-eragiketa osagarriak, tresnen osagarriak gehitzea barne-prozesuak gehitzeko eta abar. Guretzat, ikasteko eta prestatzeko aukera bat izaten ari da, eta ezin dugu alferrik galdu.

Badakigu egoera zaila dela, baina gauza positiboren bat azpimarratu behar izango bazenu, zer esango zenuke?

Arestian aipatu dugunez, zer kalteberak garen ikusarazi digu egoerak. Etengabe alertan eta hainbat egoerari aurre egiteko prest egon behar dugu, honelako krisirik gabe ere etengabe bilakatzen eta aldatzen den ingurune batean. Egoera horiek guztiek etengabe egokitzeko aurrea hartu eta kudeatu beharra areagotzen dute. Egoera horiek, halaber, muga-mugan jarri gaituzte, eta enpresen finantza-egiturak eta giza taldea egokitzeko ahalmena agerian utzi dituzte. 

Batez ere azken atal hori. ZERBIMEKeko taldeko kide guztiek asmo komun baten alde agertu duten jarrera proaktiboa eta parte-hartzea gabe, ezin izango ginen iritsi gaur egun gauden lekura, eta ezin izango genuke jarraitu etorkizunean egon nahi dugun lekurantz bilakatzen eta egungo krisiak eta etortzear daudenek planteatzen dizkiguten erronkei aurre egiten.

Zerbimek1.jpg