SPRIk bere agendan sartu du Zilarrezko Ekonomiarekiko konpromisoa, eta “Silver is Gold” ekitaldian parte hartu du
- 2022ko Otsailaren 16a (-ek argitaratua)
SPRIk bere agendan sartu du arlo sozio-sanitarioko proiektuak eta berrikuntzak garatzen dituzten enpresentzako laguntza- eta orientazio-zerbitzua, eta konpromiso horrekin parte hartu du “Silver is Gold” ekitaldian. Ekitaldi horren helburua da Zilarrezko ekonomiak Gipuzkoan eskaintzen dituen aukerak sustatu eta dinamizatzea eta baita ere ikusgai jartzea agente instituzional zein pribatuek jokatu behar duten papera berrikuntza aktibatzeko eta zahartze osasuntsurako konponbideen garapena ahalbidetzeko.
SPRIko Osasun eta Trantsizio Sozio-sanitarioko arduradun Maria Aguirrek parte hartu du “Silver is Gold” jardunaldian, bertatik bertara aurkezteko “SPRIk sektoreko enpresei eskaintzen dien arreta-zerbitzu pertsonalizatu berria”. Aguirreren arabera, “zerbitzu honen xedea da gidari eta orientabide izatea arlo horietako konponbideak garatzen dituzten enpresentzat, eta ezagutza espezializatuarekin osatzea I+G, berrikuntza, giza baliabide, ekintzailetza, nazioartekotze, eraldaketa digital eta beste hainbat arlotan eskaintzen diren laguntza transbertsalak.
Adinberrik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk elkarrekin eskainitako hitzaldi batean eman da ezagutzera zerbitzu berria. Eta Adinberriren balio-proposamenaren esparruan aurkeztu da bere laguntza-zerbitzu integrala, hiru erakundeen tresna, zerbitzu eta laguntzez osaturik dagoena eta 2021etik aurrera hirurek elkarrekin eskaintzen dutena.
Markel Olano ahaldun nagusiak ireki du jardunaldia, eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak, berriz, itxi egin du. Jardunaldian zehar, hizlariek Adinberriren Adimen Aurreratuko Sistemaren txosten baten bitartez azaldu dute euren ikuspegi prospektiboa arreta eta zaintzen esparruan aplikatzen diren teknologia berriei buruz eta, horrez gain, hizpide hartu dituzte sektore sozio-sanitarioaren erronkak arreta-ereduen arloan eta nola aprobetxatu erronka horien aukerak.