ZKOOP egitasmoa aurkeztu dute, "ekintzailetza kooperatiboa, ekonomia soziala eta tokiko garapena bultzatzeko"
- 2022ko Otsailaren 23a (-ek argitaratua)
Zumaiako Udalak eta OlatuKoop sareak ekonomia sozial eraldatzailearen bidea ireki nahi dute Zumaian. Jardunaldi irekia antolatu dute martxoaren 2rako, eta bost formazio saio egingo dituzte martxoan eta apirilean. Horiekin batera, Hogarrean elkarlan gunea martxan jarriko dute.
Zumaiako Udalak eta OlatuKoop sareak ZKOOP egitasmoa aurkeztu dute gaur eguerdian Zumaiako Gizarte Zentroan (Hogarrean). Bertan kokatuko da elkarlan zentroa, “lanerako tokia, eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen topalekua”.
Legealdi hasieran coworking edo elkarlan zentro bat egiteko asmoa agertu zuen Udal Gobernuak. Iñaki Ostolaza alkatearen arabera, “eredu desberdinak aztertu ondoren, ekonomia sozial eraldatzaileak ardaztuko duen” elkarlanerako espazio bat sortzea erabaki dute. Olatukoop sarearen laguntza izango dute horretarako.
"Tokiko garapenean sakondu eta egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzten zumaiarrak laguntzea da helburuetako bat, horretarako ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren esperientziak ezagututa", azaldu du Ostolazak. Maider Alberdi zinegotziak zehaztu du “bideari ekiteko, lau pauso” emango dituztela: lehenik, jardunaldi irekia egingo dute martxoaren 2an; ZKOOP fabrika hasiko da jarraian; maiatzean aukeratutako proiektuei tutoretza saioak eskainiko dizkiete; eta modu paraleloan, Hogarrean “elkarlan edo coworking zentro eraldatzailea” jarriko dute martxan.
Gorka Julio OlatuKoopeko kidearen esanetan, egitasmo honekin, “Zumaian sustraitutako” proiektuak bultzatu nahi dituzte. Izan ere, “ekonomia sozial eraldatzaileaz ari garenean, proiektu profesional hutsez harago, herriari eta komunitateari ekarpena egiten dioten proiektuez ari gara”. “Coworking kontzeptuaz ulertzen dena gainditu” nahi dute. Elkarlan gune bat sortu nahi dute, lanerako toki bat izateaz gain, “Zumaiaren eta zumaiarren beharrei erantzungo dieten proiektuak hauspotzeko balioko duena”. Ostolazaren ustetan “bideorri hau lehen pauso bat da, Zumaian ekonomia sozialaren eta ekintzailetza kooperatiboaren bidearen hasiera”.