Motor munduaren aldeko zaletasuna, ekintzailetza bultzatzen duen indarra

2020-21 ikasturtean AJ MOTORS TAILERRA sortu zen Iurretako Urratsbat Programaren bidez. Haizea Garcia (27 urte) bertako ekintzailea da, eta Antxon Jauregi (28 urte) bazkide eta bikotekidearekin batera tailer mekaniko bat jarri du martxan, bere prestakuntzak, esperientzia profesionalak eta pasioak bultzatuta: motorraren mundua.

Zein da jaso zenuten prestakuntza?

Nik (Haizea) Automozioko goi-mailako zikloa ikasi nuen, eta Antxonek mekanikako erdi- mailako zikloa Iurretako LHIIn.

Zein izan da zuen esperientzia profesionala AJ MOTORS sortu aurretik?

Lanbide-heziketako zikloa amaitzean, praktikak egin genituen inguruko tailer mekaniko desberdinetan. Praktikak bukatuta hurrengo 5 urteetan Durangaldeko hainbat enpresatan lanean ibili izan gara, Antxon mekaniko gisa eta nire kasuan mekanika eta biltegiko zereginez gain kudeaketako lanekin osatzeko aukera ere izan dut.

Motorraren mundu-zaleak zarete, rallyen zaleak.

Motor mundua partekatzen dugun zaletasun bat da, izan ere, Antxonek rallyetan parte hartzen du 2015etik Zamudio Racing taldearekin eta ni Drift zirkuituetan parte hartzen hasi naiz.

Zergatik erabaki zenuten zuen enpresa sortzea, zein izan zen motibazio nagusia?

Antxonek beti izan nahi izan du bere tailer mekanikoa eta 2019an belaunaldi-txanda bat proposatu ziguten, tailer bateko jabea erretiratzeagatik. Aukera oso ona zen, biok baikenituen ezagutza teknikoak eta kudeaketari buruzkoak aurrera eraman ahal izateko. Gaia korapilatu egiten da pandemiaren etorrerarekin, eta, azkenean, proiektu hau erori egiten da. Honez gain, denbora tarte berean gure lagun Borja zirkulazio-istripu batean hiltzen da; kolpe latza izan zen biontzat, izan ere, azken horrek beti animatu zuen Antxon ekitera, negozioaren izena bera ere proposatu zion Borjak bere garaian.

Inflexio-puntu horretan hasi ginen benetan serio pentsatzen ekiteko aukera, geure negozioa sortzeko aukera, eta horretarako gure lagunen eta familia-ingurunearen laguntza genuen.


Zein    da    zuen    balio-proposamena,     zerk     bereizten     zaituzte     lehiatik?

AJ MOTORS tailer mekanikoa eta mantentze-lanetako tailerra da, eta kaleko ibilgailuez gain, autoak prestatzen ditugu lasterketa eta zirkuituetarako. Gainerako tailerretan egiten ez diren lanak egiten ditugula esatea gustatzen zaigu, hala nola BMWen txasisak konpontzea, Swaps (automobil bateko motorra aldatzea eta beste bat jartzea da, homologatzeko helburuarekin), mendirako lur orotarako prestatzen ditugu eta rallyetarako eta zirkuituetarako autoei balaztak, esekidura... prestatzen dizkiegu. Gure bezeroen arazoak konpontzen saiatzen gara beti, eta aldeen arteko komunikazioa arina izan dadin saiatzen gara. Horretarako, argazkiak, bideoak eta abar bidaltzen dizkiegu bezeroei.

Haizea, tradizioz maskulinoa izan den mundu batean murgildu den emakume gazte ekintzaile gisa, nola sentitzen zara, nola ikusten zaituzte bezeroek, hornitzaileek, eta abar?

Pozik nago neure buruarekin, familiaren eta lagunen laguntza handia izan dut, eta haiek harro daude beren alabak edo bilobak tailer mekaniko bat izateaz. Jende askoren babesa dut, motorraren munduak asko laguntzen die emakumeei.


Zer ematen dizue zuen enpresa sortu izanak?

Poztasun handia, gazteak gara, geure negozioa dugu eta ondo doakigu, harro sentitzen gara jendeak gugan konfiantza duelako gure tailerrean bere ibilgailua uzten duenean.


IMG-3366.jpg