GEM txostena EAEko 2018-2019 ekintzailetzari buruz

Duela 15 urtetik GEM País Vasco txostenak hemengo ekintzailetzari buruzko datuak aztertzen eta biltzen ditu. Datu horiek lagungarriak zaizkie Eusko Jaurlaritzako, lurralde historikoetako Foru Aldundietako edo beste erakunde batzuetako arduradunei lurraldean ekonomia eta enpresa jarduera indartuko duten politika publikoak sustatzeko.

Ekainaren 26an aurkeztu zen GEM proiektuaren 2018-19ko edizio honekin, hamabostgarren urtez egin da Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekintzailearen jarraipena. Gainera, GEMek nazioartean ere ikertzen du ekintzailetza. Azken urte honetan, proiektua kontinente eta garapen egoera guztietako 49 herrialdetan egin da. Herrialde horiek munduko biztanleriaren % 66,6 eta Barne Produktu Gordinaren % 85,0 hartzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Global Entrepreneurship Monitor (GEM) txostenaren 2018-2019ko edizio honek 15 urteko ibilbidea du atzean. Urte horietan, gure lurraldeko ekintzailetza eta ekosistema ekintzailea neurtzeko eta haren jarraipena egiteko konpromisoa hartu du ikertzaile talde batek. Taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateen elkarlana islatzen du: Deustuko Unibertsitatearena, Euskal Herriko Unibertsitatearena eta Mondragon Unibertsitatearena. Gainera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Erresuma Batuko Northumbria Unibertsitateko ikertzaileak ere tartean dira. Talde hori unibertsitate sare zabal baten barruan dago, Global Entrepreneurship Monitor (GEM) ikerketako nazioarteko partzuergoari lotuta.

GEM proiektuak ekosistema ekintzailearen erdian pertsona ekintzailea jartzen du: huraxe da enpresa berrien sorreraren protagonista eta ahalmen handia du, dagokion eskualdean, gizarte, ekoizpen eta kultur aldaketak eragiteko. EAEko administrazio publikoek GEM proiektuari ematen dioten laguntzari esker, herrialdeko jarduera ekintzailearen eta enpresa ekimen berriak sustatzen edo eragozten dituzten inguruneko faktore guztien urteko diagnostikoa eskain dezakegu.

EAEko Global Entrepreneurship Monitor proiektuaren funtsezko balioa da aukera ematen duela, 2004az geroztik, EAEko ekintzailetza adierazleak beste eskualde eta herrialde batzuetakoekin alderatzeko. EAEko dinamika ekintzailearen jarraipena eta bilakaera nazioartean alderatzeak politika publikoak ebaluatzea eta diseinatzea errazten du. Aurtengo edizioko emaitzek EAEko ekosistema ekintzailearen diagnostikoari eta erabaki hartzeari laguntzen diote, aurreko urteetan bezala.

Txostena EHU, Deusto Business School, Mondragon Unibertsitatea, Universitat Autònoma de Barcelona eta Newcastle Business School-ek ikerlariek egiten dute. Spri, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Emilio Soldevilla Fundazioaren laguntza du.

GEM.png