Ihobek ekodiseinuko 40 irtenbide ekoberritzaile sostengatzen ditu metal, plastiko eta mineralen alorrean

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak, Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez, ekoberrikuntzako 40 enpresa-proiektu sostengatu ditu, horien % 65 ETEek gidatuta, Ekoberrikuntza Zirkularraren Programaren 2021eko deialdiaren bidez.
Europako Batzordeak erregulazio eta tresna zirkular berriak jarriko ditu martxan, 2022ko udaberrian, Europako Itun Berdearen baitan, eta euskal enpresek aurrea hartu behar diete; horregatik, Eusko Jaurlaritzak ekoberrikuntzaren alde egindako apustua % 60 hazi da, 1,75 milioi euroko finantziaziora iritsiz: Horri esker, laguntza-programen edizio honetan bultzatutako proiektuen kopuruak gora egin du.

Guztira, 40 proiektu berritzaile, horien % 60 ETEek bultzatuak, helburutzat dutenak zabortegira eramaten diren hondakin industrialak % 3 murriztea, 50.000 automobilek isuriko lituzketen adinako berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea, eta urtean 33 milioi euro gehiago fakturatzea.

Eusko Jaurlaritzak sostengatzen dituen irtenbide berritzaileen erdia baino gehiago materialak aurreztera zuzentzen da; beste erdia, berriz, ingurumen-aztarna txikiagoko produktu berdeetara. “Produktuetara” zuzendutako lerroan, sei proiektu sostengatu dira ekipo eta osagaien ekodiseinuaren alorrean, eta lau birmanfukaturaren eta negozio-eredu zirkularren alorrean; “materialen” lerroan, berriz, metalaren zirkulartasuna handitzearekin, material kritikoekin eta eskura dauden teknika onenekin zerikusia duten zortzi proiektu sostengatu dira, eta, halaber, plastikoei buruzko bost proiektu eta mineralei eta eraikuntzako materialei buruzko hamaika proiektu; azkenik, bioekonomiarekin lotutako hiru proiektu bultzatu dira, eta lurzoru kutsatuetarako irtenbide berritzaile bat ere bai.

Ekodiseinuaren alorreko proiektuen adibide gisa, azpimarratu daiteke metalezko partikulen isurketa ia zero duten diskozko balazten garapena; galdaketako arrak fabrikatzeko ekipo ekologiko berri bat; edo ureztapen-putzetarako bonba-sistemak, eguzki-panel flotagarriarekin. Orobat, konponketa aditiborako hauts atomizatu jasangarria; edo hiri-mugikortasuneko Litio Ion baterien balio-bizitzaren luzapena.

Jarraitu irakurtzen


1.jpg