Eko-Car enpresari elkarrizketa
- 2022ko Apirilaren 28a (-ek argitaratua)
Eko-Car Elgoibarko MEKA ikastetxearen laguntzarekin sortutako Urratsbat enpresa
Zergatik erabaki zenuen zure negozio ideia garatzea?
Mugimendua bizitza delako. Nire izakeragatik ez naiz geldirik gora begira geratzen naizen horietakoa, ezta denbora galtzea gustoko duenetakoa. Konfort gunetik ateratzea ezinbestekoa iruditzen zait bizitza plenu eta osatu bat izateko. Batzuentzako hau drama bat izan daitekeen bezela, niretzako gasolina da. Besteen kontura lanean ibilia naizen arren, beti nahi izan dut nire negozio propioa izatea. Orokorrean gustora ibili izan naiz besteen kontura lanean jardun dutenean: gauzak egiteko modu ezberdinak ikasi ditut, jende berria ezagutzeko aukera paregabea izan dut, elkarbizitza osasuntsu bat mantentzeko oinarriak identifikatu ditut ... eta orokorrean, bizipen onak ditut. Baina nik beti nahi izan dut nire negozio propioa izatea, eta hona hemen Eco-Car Detailer. Argi dago zure negozio propioa izateak bere alde onak eta ez hain onak dituela, baina besteren konturako lanak duenak bezalaxe.
Zein da zure balio proposamena? Zer da besteetatik bereizten zaituena?
Bada denboratxo bat albistegi batean XXI. mendeko gatazka geopolitikorik aipagarriena URA izango zela entzun nuela. Zeharo harrituta utzi ninduen albiste hark. Orduan 2025erako giza bizitzarako hain beharrezkoa den elementu horren eskaria hornidura baino %56 handiagoa izango dela aurreikusi zuten, eta honek …. asko pentsarazi ninduen. Albiste hark nire barnean jasangarritasun kontzientziaren hazitxo bat suposatu zuen. Hazi haura nire heltze prozesuarekin batera garatu da, eta nire kotxe garbigailu propioa irekitzeko aukera izan dudanean, urik gabe garbitzeko sistema bategatik egin dut apustu. Eco-Car Detailer-en kotxeak lehorrean eta beste sistema batzuk konbinatuz garbitzen dira, eta hauxe da gure balore proposamena eta gure apostu jasangarria.
Laguntzarik jaso al zenuen prozesuan zehar? Zein motatakoa?
Bai, noski! Azkar joan nahi baduzu, zoaz bakarrik; baina urrutira joan nahi baduzu, zoaz taldean! Laguntzarik aipagarriena nire familia eta ingurukoengandik jaso dut. Edozertarako hor egon dira, eta egia esan, euskarri ezinhobea izan dira. Bestalde, bere garaian, MEKA Lanbide Eskolan Administraritza eta Kudeaketa zikloa egin nuen, eta jakintza hauek ere oso lagungarri izan ditut nire negozio ideia garatzerako garaian. Gainera Urratsbat Programa ezagutzeko aukera izan nuen, eta berataz baliatzeko aukera paregabea izan nuen. UrratsbatSarea ere ezagutu dut, eta oso interesgarria iruditzen zait Urratsbat Programaren bitartez zabaldutako negozio ideia guztiek komunitate bat osatzea. Elkar laguntzeko ideia bikaina.
Zure lan sektoreak nolako garapena izango duela aurreikusten duzu?
Buenooooo, galdera onaaaa! Baaa, egia esan, ez dut gaiaz gehiegi hausnartu! Kotxeak egoten jarraituko dutela argi daukat, baina auskala zein motatakoak: erregaidunak, elektrikoak, eguzki-panelezkoak, adimenduak, gidaririk gabekoak, … Kotxeak egoten jarraituko dutenez, epe labur – ertainera etorkizun bermatua daukatelakoan naiz. Baina epe luzera …. nork daki! Agian beste garraio mota bat asmatzen dute eta jada ez da kotxe gehiago ikusten. Imajinatzen? Momentu hori iritsita, argi daukat, nire negozio ideia ere errealitatera egokitu beharko nukeela. Bestela, akaboo! Ekintzaile on bat egunean egon behar da! Ez, egunean ez, hanka bat etorkizunean duela hobeto esanda!