Elkartenet, Garapen Iraunkorrerako Helburuak erdiesteko lanabes paregabea

Elkartenetek, 2019-2020 ikasturtean Harrobia LHIPIn jaiotako elkarteak, software librean garatutako aplikazioen bidez, hezkuntza, elkarkidetza eta merkataritza suspertzeko proiektuak aurrera eraman nahi ditu. Oraingo honetan, haur-hezkuntzan IKTak sartzeko proposamen pedagogiko bat dakarkigu: KimuDigitalak

KimuDigitalak proiektuaren jatorria haurrek mundu digitalean murgiltzeko zuten moduari erreparatzetik etorri zen; izan ere, haurrek familia-giroan izan ohi dute lehenengo kontaktua baliabide digitalekin, baliabide horiek guztiak erabiltzen ikasten dute Ikasgelan erabili baino lehenago, era ludiko batean, inolako aurre-ezagutzarik izan gabe eta gainbegiratze egokirik izan gabe. 

Hortik abiatuta egin zuten lehenengo pilotajea Bilboko bi ikastetxe publikotan. Arangoitiko anbulategian eta Basurtuko ospitalean bajan emandako ordenagailuak berreskuratu zituzten, software berria instalatu eta ekipo horiekin prestakuntza eman zieten haurrei; azkenean, berreskuratutako ekipo horiek pilotajea egin den ikasgeletan geratu dira behin betirako.
Baina harago joan ziren eta, irakasleak eta gurasoak ere bezero izan zitezkeela jabeturik, martxan jarri zuten beraien ondorengo iniziatiba: irakasleentzako prestakuntza eta gurasoentzako prestakuntza eskaintzea; baliabide urriak zituzten familien kasuan, ekipoak ere demandatuko zituztelako ustean, etorkizun iluneko ordenagailu errekuperatuak familien esku uzteko aukera eman zieten, merke-merke. Familiei eskainitako hainbat prestakuntza saio, bai euskaraz, bai gazteleraz, baita arabieraz ere eman ziren eta, orotara, 72 familiak eskuratu zituzten ordenagailu biziberrituak.

Momentu honetan hainbat ekipo biziberritzeko akordioa erdietsi dute Gipuzkoako Hezkuntza Sailarekin, dagoeneko 900 ekipo jaso dituzte eta 300 inguru bueltatu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko eskoletara . Anbizio handiagoz ere, Berrerabilpena Prestatzeko Zentro bat zabaldu nahi dute beste elkarte eta erakunde batzuekin batera; zentro horretan gailuak egiaztatu, bereizi, konpondu, garbituko dituzte, salmenta zerbitzu bat izango dute eta produktu horien bermeaz arduratuko dira.

Argi dago Elkartenetek erabat barneratuta dituela Unescoren GIH-ak, besteak beste, pobreziari aurre egitea, internet eskuragarri egotea edonorentzat, ekonomia zirkularra? Ba ote da Elkartenet paradigma baten aldaketaren adibide adierazgarri?

Elkartenet.png