2024 Ekintzailetza Plana. 259 MM-ko zuzeneko inbertsioa eta 130 MM-ko inbertsio gehigarriak
- 2021ko Maiatzaren 04a (-ek argitaratua)
Euskal Autonomia Erkidegoak indartu egiten ditu ekosistema eta ekintzailetzaren finantzaketa, eraldaketa ekonomikoaren eta sozialaren palanka gisa
Eusko Jaurlaritzak 2024 Ekintzailetzako Erakunde Arteko Plana onartu du, enplegu-balioa eta -kalitatea emateko ekosistema erakargarria sendotzeko erronkarekin
Euskal Autonomia Erkidegoa 2020 Impact Hub indizearen buruan dago. Indize horrek Estatu osoko ekintzailetza-ekosistemen kalitatea neurtzen du
Gaurko Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko 2024 Ekintzailetzako Erakunde Arteko Planari, eta Eusko Legebiltzarraren ekainaren 28ko 16/2012 Legean ezarritako aginduari erantzuten dio. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak plan berria egin du 2021etik 2024ra bitarteko aldirako. Plan horrek gaur egun duen garrantzia izenak berak adierazten du: EEP 2024 Gure Ekonomia Eraldatuz ? Euskal Ekintzailetzaren Ibilbide Orria.
Herri Plan bat, arlo publikoaren eta pribatuaren eta erakunde arteko lankidetzarekin
Erakunde arteko plana da, Sailen artekoa, eta eragile publiko eta pribatuen lankidetzari irekia. Plana prestatzen parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek, hiru Foru Aldundiek, hiru euskal hiriburuetako Udalek, EUDELek eta GARAPENek, gainerako toki-erakundeen eta garapen-agentzien ordezkari gisa, baita EAEn ekintzailetza egunero babesten duten eragile publiko-pribatu nagusiek (finantza-eragileek, eragile inbertitzaileek, enpresa-eragileek, hezkuntza-eragileek eta eragile sozialek) ere.
Erkidego-, lurralde-, eskualde- eta toki-mailan, dagoeneko 100 eragile publiko eta pribatu baino gehiago ari dira proiektu ekintzaileak sustatzen eta babesten haiek prestatzeko etapa guztietan. Sare publiko-pribatua da, gero eta osatuagoa, dinamikoagoa, konektatuagoa eta komunitate ekintzaileak berak gero eta baloratuagoa.
Oinarri eta emaitza egiaztatuak dituen ekosistema
Esan dezakegu gure EKOSISTEMAK gaur egun diziplina anitzeko hainbat gaitasun dituela ekintzailetzaren zerbitzura. Araudi-, zerga- eta erakunde-esparru sendo eta fidagarri baten gainean egituratzen diren profesional, zerbitzu, finantzaketa, sare, azpiegitura, laguntza- eta hedapen-programa eta abarren multzo bat. Ekimen ekintzaile berri askoren jatorri eta helmuga gisa, enpresa-, industria- eta teknologia-sare bat eta prestakuntza- eta kohesio-maila handiko gizarte bat izateak duen garrantzia ahaztu gabe. Arreta berezia merezi dute azken 8 urteetan sortutako oinarri teknologikoko 779 enpresa berritzaile berri baino gehiagok (3.422 enplegu), besteak beste, industria, IKT, biozientziak-osasuna eta energiaren sektoretan.
Ekintzailetza-prozesuaren kolektibo, tipologia eta etapa guztiak barne hartzen ditu, mikroekintzailetzatik oinarri teknologikoko ekintzailetza berritzaileraino, kultura ekintzailea belaunaldi berrietan sortzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa ekintzailetzarako leku erakargarri gisa kokatzea ahaztu gabe.