EkoOn. Nola ari dira bizitzen gure enpresak covid-19ak sortutako egoera?

Alberto Bezunarteari elkarrizketa. EkoOn izaera sozial nabarmena duen tokiko enpresa da, 2018. urtean sortua, eta gaur egun bi langilek osatzen dute.Gure jarduera energiaren esparruan zentratzen dugu, energiaren izaera guztiz zeharkakoa da-eta. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan energia kudeatzeko, aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko proiektuak garatzen ari gara, bai esparru publikoan, bai pribatuan.Gure lana da, pertsonei zein erakundeei, aurreztean, eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan oinarritutako energia-eredu berri bateranzko trantsizio energetikoa egiteko prozesuak aktibatzea ahalbidetuko dieten ezagutzak, tresnak eta estrategiak eskaintzea, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta, azken batean, garapen jasangarria lortzeko. EkoOnen badakigu, pertsonen aktibaziorik eta inplikaziorik gabe, bultzatu nahi ditugun trantsizio energetikoko prozesuak porrotera kondenatuta daudela. Horregatik, pertsonek energiaren esparruan parte hartzea errazten eta bultzatzen duten dinamikak ezartzen ditugu, eta hori guztiz funtsezkoa eta oinarrizkoa da.

Hiru lan-ildo garatzen ditugu, funtsean:

  1. Kontzientziazio eta sentsibilizaziorako hezkuntza-lantegiak, askotariko kolektiboei zuzenduak (elkarteak, ikastetxeak...): aurrezpena eta eraginkortasuna; eguzki-energia termikoa eta fotovoltaikoa; argiak; merkatua eta faktura elektrikoa; pobrezia energetikoa...
  2. Kudeaketa, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa: nagusiki, bi proiektu ezarri dira: 
     * EcoooLocal proiektua, administrazio publikoei bereziki zuzendua, udalerriaren diagnostiko energetikoa barne hartzen duena. Tresna horrek ahalbidetzen du hilero kontrol dinamikoa egitea energiaren eta uraren kontsumoei eta horiei lotutako kostuei buruz, baita trantsizio energetikorako udalaren ibilbide-orria ere, hainbat proposamen kontrastatu eta arrakastatsu jasotzen dituena.
     * 50/50 proiektua, bereziki ikastetxeei zuzendua. Hezkuntza-balio handiko ekimena da, eta ikastetxeetan (err)eboluzio energetikoa sustatzen du, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzeari eta energia-kultura berri baten balioak asimilatzeari esker, ohituren aldaketan, aurrezpenean eta energia-eraginkortasunean oinarrituta.


  3. Energia berriztagarriak: energia berriztagarrien proiektuak garatzen eta aholkatzen ditugu, bereziki eguzki-energia fotovoltaikoaren proiektuak.

Zer-nolako eragina izan du alarma-egoerak zure enpresaren jardueran orain arte? Eta etorkizunari begira, epe laburrean, zer-nolako eragina izango du zure ustez?

Alarma egoerak bete-betean hartu gaitu eraginpean, Oarsoaldeko hainbat ikastetxetan egiten ari ginen proiektu askoren ezarpena erabat geldiarazi baita. Era berean, hainbat udalekin irekita genituen lan-ildo guztiak erabat eten dira. Alarma-egoeran nolabaiteko jarduera izatea lortu dugu, Usurbilgo Lanbide Eskolan energia fotovoltaikoari buruzko ikastaro bat online ematen jarraitu baitugu. Ikastaro hori aurrez aurre ematen hasi ginen, alarma-egoera deklaratu zuten arte

Zure ustez, eta etorkizunari begira, uste duzu horrek guztiak eragina izango duela zure bezeroen portaeran?

Zoritxarrez, baietz uste dugu. Gure ustez, esparru publikoan, alde batetik, administrazioek neurri ekonomikoak eta sozialak lehenetsiko dituzte, energiaren arloko neurriak bigarren mailan utzita. Esparru pribatuan, bestetik, enpresek, pertsonek eta kolektiboek zailtasun handiak izango dituzte beren jarduerei eusteko eta iraun ahal izateko; beraz, antzeko eragina aurreikusten dugu. Krisi-egoeretan, oro har, atzera egiten da, eta funtsezkotzat jotzen ez diren jarduketak garai hobeetarako uzten dira. Zoritxarrez, eta gure ustez oker, energiaren arloko jarduketak ez dira halakotzat hartzen.
Gure ustez, aurreztearen, eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien arloko jarduketak funtsezkotzat ez jotzea akats handia izan da, da eta izango da, batez ere ekonomia- eta ingurumen-arrazoiengatik. Ekonomiaren ikuspegitik, horrelako jarduketek ez dute kosturik ekartzen, inbertsioa baizik, azkar amortizatu eta berreskuratzen baitira lortzen diren aurrezki handiei esker. Hori egiaztatzeko aukera izan dugu gure lana garatu dugun udal, erakunde eta ikastetxeetan. Gainera, ingurumenaren ikuspegitik, ezin dugu onartu klima-aldaketari aurre egiteko neurriak geldiaraztea eta abian jartzeari uztea. Biziraupena horretan doakigulako eta horretarako astirik ez daukagulako, duela urte batzuez geroztik zientzialariak eta adituak ohartarazten ari zaizkigun bezala.

Sartu duzu aldaketaren bat edo aurreikusten duzu aldaketarik egitea errealitate berriari aurre egiteko?

Neurri batean bederen, neurriak hartu behar izan ditugu, alarma-egoeran gure prestakuntza-jarduera, gure lan-ildoetako bat, formatu presentzialetik formatu birtualera (online) egokitu behar izan baitugu.
Beste lan-ildo batzuei dagokienez, batez ere administrazioekin eta ikastetxeekin garatzen ditugunei dagokienez, uste dugu lan egiteko modua ere aldatu egingo dela. Beste modu batera antolatu beharko dugu, eta gure lan-dinamikak jarduteko modu berrietara egokitu, prebentzio- eta segurtasun-protokoloak ezarriz, eta egiten ditugun aurrez aurreko bilera eta jarduera gehienak formatu birtualera pasatuz... Ikastetxeen kasuan, gainditu beharreko oztopoa izango da, urruneko formatuak aurrez aurrekoaren aldean dituen zailtasunengatik, bereziki ikastetxeetako erabiltzaileen parte-hartzea sustatzeari dagokionez, hori lortzea askoz ere zailagoa izango baita.
Proiektuak idazteari eta instalazio fotovoltaikoak legeztatzeari dagokionez, uste dugu eragina txikiagoa izango dela, lanaren zati handi bat diseinurako, kalkuluak egiteko, tramiteak egiteko eta dokumentazioa egiteko bulego-orduei dagokiena baita.

Badakigu oso egoera gogorra eta korapilatsu dela, baina ezer positiborik nabarmendu beharko bazenu, zer esango zenuke?

Izan ere, osasun-alarmako egoeran zehar gertatu diren ezbehar guztiak gorabehera, bereziki giza bizitzen galera, eta maila pertsonalean zein kolektiboan ekarri digun sakrifizio itzela gorabehera, uste dugu bi gertaera nabarmen daitezkeela:
Lehenengoa, alarma-egoeran zehar, oro har, erakutsi dugun erantzukizuna eta elkartasun- eta eskuzabaltasun-espiritua. Horrek ideia bat berresten digu, hau da, pertsonek, antolatu eta gure energiak -inoiz baino hobeto esanda- helburu komun batera bideratzen ditugunean, zenbaterainoko indarra izan dezakegun. Pandemia adimen kolektiboaren saiakuntza izan da benetan.
Bigarrenik, etxean atxilotuta egon garen bitartean, gure eguneroko erritmo bizia pausatu eta bat-batean geldiarazi behar izan dugu. Horrek aukera eman digu oharkabean pasatu ohi diren eta erreparatzen ez diegun alderdi, ñabardura eta uneez jabetzeko. Lasaitasuna eta isiltasuna antzeman ahal izan ditugu, ordutegirik eta erritmorik eza, familiari eta familia-harremanei denbora gehiago eskaini ahal izan diegu, inguruan ditugun jatorri ez-gizatiarreko beste zarata batzuez jabetu gara (bitxia zen txorien kantua bakarrik indarrez entzutea, normalean ibilgailu, erreminta edo makinen motorrek estaltzen baitute), eta gure jarduerak geldiarazteak ekarri duen ingurumen-hobekuntza nabarmena ere ikusi eta sentitu dugu (aire garbia udalerri eta hiri handietan, ur gardenak Veneziako kanalean edo natura espazioak berreskuratzen, adibide batzuk jartzearren).
Espero dezagun gertatu denari buruzko irakurketa eta ondorio egokiak ateratzea, bakarka zein taldean, jarraitu beharreko bidearen zati bat erakutsi baitigu pandemiak. Espero dugu osasun-larrialdiak, gutxienez, dagoeneko murgilduta gauden klima-larrialdiari aurre egiteko prestakuntza gisa balioko digula; izan ere, horren ondorioak COVID-19arenak baino askoz ere suntsigarriagoak izango direla aurreikusten da, nahiz eta une honetan ez diren hain garbi hautematen.

EkoOn.jpg