Doctora Retail. Nola ari dira bizitzen gure enpresak covid-19ak sortutako egoera?

Igone Castillo dut izena, eta Doctora Retail dut nire marka. Merkatari txiki eta ertainei marketin eta diseinuan laguntza ematen dien kontsultoretza bat dut. 2013an sortu zen, Txorierri Politeknika Ikastegian nire Kudeaketa Komertziala eta Marketin ikasketak amaitu eta gutxira. Lehen jarduera-hilabete horietatik, aldatzen joan naiz nire bezeroen eskaerak ere aldatu ahala eta, orain, nire denboraren zati handi bat merkatarientzako prestakuntzan ematen dut. Proiektu bakoitza erronka bat da: negozio bakoitzeko hobetzeko arloak detektatzea, merkatariak eraldaketa digitalerako prestatzea, adibide gisa balioko duten arrakasta-kasuak ikertzea edo negozio-eredua berrikusi eta balio-proposamen argi eta errentagarri bat bilatzea. 

Bezero ugarik Doctora Retailen blogaren bitartez ezagutu naute. 2013an hasi nintzen idazten, eta egun oso harro nago webguneko 250 artikulu baino gehiagoekin, jabetzen bainaiz lagundu egiten dietela hala merkatariei nola Merkataritza Elkarte edo Ganberei, Espainian zein Latinoamerikan. Iaz, blogari esker, nire nazioarteko lehen hitzaldia emateko aukera izan nuen Guatemalan, herrialde horretako Industria Ganberak antolatutako II. Berrikuntza Foroan. Esperientzia handia izan zen, eta espero dut errepikatu egingo dela.

Nola eragin dio alarma-egoerak zure enpresaren orain arteko jarduerari? 
Eta etorkizunera begira, epe laburrera, nola uste duzu eragingo diola?

Nire jarduerak bere horretan jarraitu du. Bulegoa beti dut etxean, baina baita une jakin batean nagoen edozein tokitan. Nahikoa dut eramangarri bat eta interneteko konexio bat lanean eta ikertzen jarraitzeko. Inbertitu egin dut nire informatika-ekipamendua hobetzen, nire bezeroen prestakuntza-eskaerei erantzuteko, urrunetik mintzaldiak edo web-mintegiak emateko moldatuz.

Gainera, ?Con el Comercio? elkartasun-ekimenean parte hartu dut: bertan, askotariko arloetako profesional talde bat elkartu gara merkatari txikiei laguntza emateko. Laguntzea beti da esker onekoa, baina gainera, Espainia osoko profesional handiak hobeto ezagutzeko balio izan dit.

Dena den, zuetako batzuek bezala, nik ere ?pattal aldiak? izan ditut noiz edo noiz itxialdian. Oso prestatuta sentitzen nintzen, baina beldur nintzen, halaber, saltoki askok ez zutela iraungo. Lehengo bezero batzuekin hitz egiteko eta haiei laguntzeko egokiera izan dut, hasierako paniko uneak igaro zituztenean. Hurrengo hilabeteetan, txikizkako sektoreak laguntza handia beharko du eta, beraz, espero dut hala merkatariek nola elkarteek Doctora Retailekin konfiantza izaten jarraituko dutela haien proiektuetarako.

Zure iritziz eta etorkizunera begira, uste duzu honek guztiak zure bezeroen jokaerari eragingo diola?

Bai, nire ustez, honek guztiak asaldatu gaitu, eta espero dut hoberako aldatuko gaituela, norbanako eta gizarte gisa.  Pertsona asko gehiago jabetzen dira ?tokian? kontsumitzea zeinen garrantzitsua den, eta beren hiriko zein auzoko denda txikiak deskubritu dituzte.

Alarma-egoerak iraun duen aldian, gainera, nabaritu dut pertsona gehiagok jartzen zituztela iruzkinak blogean, eta hori oso eskertzekoa da. Une horretan, ohartzen zara egiten duzunak benetan enpresa askori balio diela haien estrategia hobetzeko, edo konturatzeko marketinak baduela garrantzia.

Ez dakit nola erreakzionatuko duten nire bezeroek aurrerantzean, baina espero dut ulertuko dutela estrategia on bat, ondo moldatutako negozio-eredu bat edo berrikuntzan egindako inbertsioa ezin bestekoak izango direla. Hor dago Doctora Retail etapa berri honetan haiekin lan egiteko. 

Sartu duzu aldaketarik edo aurreikusi duzu sartzea errealitate berriari aurre egiteko?

Itxialdian, prestakuntza ?ez-presentzialaren? erronkari aurre egin nion.  Pixka bat ?hotza? da, zure hizketaldian ez dituzulako bestaldeko pertsonen aurpegiak ikusten. Hala ere, oso ondo egon zen. Web-mintegietarako plataformek tresna ugari eskaintzen dituzte ikus-entzuleen iruzkinak eskuratzeko eta haien galderei erantzuteko.

Aldaketa batzuk ere aurreikusi ditut, eta horiek ez ditut esango oraindik webgunean argitaratzen ditudan arte. Bestetik, aurrerantzean, ziurgabetasuna izango dugu bidelagun halabeharrez.  Biziak ekarritako egoera bakoitzera egokitzen jakiteko hezi ninduten eta, beraz, espero dut kinka honek pertsona gisa eta lanbidean hazteko balioko didala. Ezin bestekoa da enpresentzat eta profesionalentzat jabetzea egokitzapen eta erronka berrien etapa bati heldu behar diogula.

Badakigu egoera ez dela erraza, baina zerbait baikorra nabarmendu beharko bazenu, zer esango zenuke?

Gauza positibo asko ikasi ahal izan ditugu. Pertsona gisa, nik uste dut orain balio gehiago ematen diegula konpainia-uneei, familiekin eta lagunekin, lehen mugikorrari begira ematen genituenean. 

Arlo profesionalari dagokionez, espero dut egoera honen ondorioz, gehiago jabetuko garela enpresen arteko lankidetzak edo, are, sareetan (adibidez, Urratsbaten) hornitzaileak bilatzeak duen garrantziaz.  Distantziak distantzia, ingurune digitalean desegin egiten dira, eta belaunaldi artean dauden desberdintasunetan ere gauza gehiagok elkartzen gaituzte banantzen gaituztenak baino.

DoctoraRetail.jpg