BiziBitxi psikologia eta sexologia zentroa

2015/16 ikasturtean, MEKA Lanbide Eskolako Urratsbat Programaren bitartez sortu zen BiziBixi Psikologia eta Sexologia zentru ez konbentzionala. Bertako ekintzailea dugu Veronica Huerto, zeinak UrratsbatSAREA-ren bitartez bere zerbitzuaren berri ematen digun!

Kaixo! Kontaiguzu nor zaren eta zer egiten duzun.

Veronica Huerto naiz, Mutrikun bizi den zarauztarra. Psikologo orokorra, sexologoa eta BiziBitxin lan egiten dut, psikologia eta sexologiako zentro ez-konbentzional batean.

Zergatik diozu zentro ez-konbentzionala dela?

Izan ere, BiziBitxi ez da terapia jasotzera joan zaitezkeen zentro/establezimendu komuna. Esan dezagun BiziBitxi hurbiltzen dela bere zerbitzuak eskaintzera. Batez ere Gipuzkoan egiten dut lan, batipat: Orion, Aian, Zarautzen, Zumaian, Itziarren, Deban, Mutrikun, Mendaron, Elgoibarren, Eibarren eta Soraluzen.

Ezberdintasuna markatzen duen beste alderdi bat, BiziBitxik aniztasun osasungarriaren eta naturaren aldeko apustua egiten duela da. Aniztasun osasuntsuaren edertasunean oinarritzen da, positiboa dela ulertuz eta berau sustatuz. Hori dela eta, bizitza bereziak, bizitza positiboak eta, azken finean, bizitza zoriontsuagoak eraikitzen lagundu nahi du BiziBitxik. Pertsona guztiak gara berez eta funtsean desberdinak eta gizarte honek agintzen dituenen aurka (izan gaitezen denak berdinak), BiziBitxin aniztasuna sustatu eta balioesten da, eta horrela, pertsonei beren bizitzak bideratzen laguntzen zaie, beraien egoera eta beharretara egokituta. Zoriontsuagoak izan daitezen, ahal eta nahi duten moduan.

Zer zerbitzu eskaintzen dituzu?

Alde batetik, terapia eta/edo aholkularitza, saioak etxean, aire zabalean (naturan) edo on-line egiten eskaintzen ditut. Bestetik, Osasunaren prebentzioa/sustapena ikastetxeetan eta prestakuntza-zentroetan. Eta SexuBizi, jaietako prebentzio programa, sexualitatea eta harreman osasuntsuak sustatzen dituena. Halaber, jai-giroan gertatzen diren genero-erasoak prebenitzea, gertatzen direnei aurre egitea eta kontzientziazioa sustatzea bilatzen duen espazioa da.

Zergatik saioak etxean eta naturan?

Etxez etxeko saioak eskaintzen ditut, zergatik etxean bezala, inon ez. Eta zentzu horretan, uste dut pertsona batzuk hobeto moldatzen direla horrela, euren eremu goxo eta seguruan, lekuz aldatu beharrik gabe. Eta saioak naturan, osasuntsua delako. Gure ingurune natural ederrak eskaintzen dituen aukera paisajistiko-terapeutikoak erabiltzen ditut, eta ingurune irekietara joaten naiz saioak egitera. Izan ere, ezarritako erritmoei, egutegiei, betebeharrei, ordutegiei eta, oro har, hiri-inguruneei lotuta bizi gara orokorrean. Pertsona batek akonpainamendu terapeutikoaren bidez sendatzeko/hobetzeko baimena hartzea eta, gainera, ingurune sendatzaile batean, "puntu bikoitza" da.

Zure ustez, psikologia edo sexologia, eskuragarriak al dira?

Batetik, psikologia bereiziko nuke, eta, bestetik, sexologia. Psikologiari dagokionez, oso eskuragarria ez dela uste dut. Osasun arloan egiten den eskaintza oso mugatua da. Eta biztanleriaren zati handi batek ezin du terapia edo aholkularitza jaso muga ezberdinenengatik. Tamalgarria da gaur egun bizi dugun egoeran, ez egitea gehiago. Gainera, laguntza psikologikorako sarbidearen tabuarekin jarraitzen dugu, sozialki ezkutatuta eta onartu gabe dago. Horren aurrean eta kontrajarrita, gizartea eta sareak ditugu, beti eta etengabe ondo egotea eskatzen digutenak (ez dago tristura edo beldurra bizitzeko aukerarik, adibidez, biak egokitze-emozioak eta beharrezkoak direnean).

Eta sexologia?

Sexologiari dagokionez, gehiago behar da, askoz gehiago. Ez da bidezkoa heziketan honako hauekin topo egitea gaur egun: hilekoa ezkutatzen duten nerabeak, euran alua ezagutzen ez dutenak, koito baginala praktikatzekoprest diranak, aurretik alua aztertu gabe. Pornografia kontsumitu eta adibidetzat hartzen duten nerabeak. "Pornografia didaktikoa", non: emakumearen benetako plazerra ez dago jasota, tratu txarrak erotismoarekin nahasten dira, emakumea "kosifikatu" egiten da, eta abar. Jakina, hori dena kontsultan islatzen da, pertsona helduekin lan

egiten dudanean. Zorionez, badaude holako zerbitzuak bultzatzen dituzten erakundeak.


BiziBitxi.png