Basque Green Deal, bidezko garapen jasangarrirako euskal eredua

Euskadik bat egin du gaur Europako Itun Berdearekin, eta bere ibilbide-orria proposatu du etorkizun iraunkorragoa lortzeko, krisiari irtenbidea emanez, inor atzean utzi gabe. Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute IƱigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Europako Batzordeko Klima Zuzendaritza Nagusiko zuzendari ondoko Clara de la Torrek eta, gainera, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestaren datuak aurkeztu dira.

Basque Green Deal izenekoak emisioak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuak jasotzen ditu, baina ez da esparru horietara mugatzen, eredu ekonomiko gisa sortu baita, industria eta teknologia baitira palanka nagusiak; beraz, zientzia, teknologia, ekonomia zirkularra, industria, trantsizio energetikoa edo elikaduraren katea bera helburu berarekin lerrokatzen dira, bidezko garapen jasangarriarekin, alegia.

Etorkizuneko lehiakortasun-eredu horrek arau-testuinguru berri bat eskatuko du, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza dagoeneko lanean ari da Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege berri batean, Europako zuzentarau eta adierazleekin lerrokatuta. Legea da isurketak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuetan aurrera egitea ahalbidetuko duen tresna, eta neutraltasun teknologikoaren printzipioan oinarrituta egongo da.


bgd_16.png