Dirulaguntza zuzenak eta lankidetza hitzarmen berriak, TicketBAIren ezarpena bultzatzeko
- 2022ko Maiatzaren 11a (-ek argitaratua)
1,5 milioi euro bideratuko ditu merkataritza, ostalaritza eta hainbat jarduera profesionalen digitalizaziorako, eta beste 21 eragilek sinatu dute hitzarmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko laguntza zuzenak emango ditu, lurraldeko merkataritza, ostalaritza eta hainbat jarduera profesionalen digitalizazioa sustatu eta, aldi berean, TicketBAI proiektuaren hedapenean laguntzeko. Izan ere, laguntzak jasotzeko beharrezkoa izango da fakturazio sistema berri honi lotutako zenbait baldintza betetzea. Establezimendu bakoitzak 1.000 euroko laguntza jasoko du, eta 1.200 eurokoa fakturak euskaraz aurkezten badira. Honekin batera, TicketBAI proiektuaren dibulgazioa hedatzeko beste 21 hitzarmen sinatu ditu Aldundiak lurraldeko eragile ekonomiko nagusiekin eta, guztira, jada 24 dira lankidetza akordio erdietsi duten elkarteak, ia-ia Gipuzkoako jarduera ekonomiko ia guztia ordezkatzen dutenak.
Laguntza deialdi berria eta elkarlan-hitzarmenak gaur goizean aurkeztu dira, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako prentsa agerraldian. Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, eta Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, hartu dute parte ekitaldian. Azken honek gogoratu du dirulaguntza deialdia pasa den urtean jarri zela martxan, eta ekarpen garrantzitsua egin diola merkataritza, ostalaritza eta hainbat jarduera profesionalen digitalizazioari. Laguntzak jasotzeko, TicketBAI sistemarekin lotutako zenbait betekizun bete behar dira: batetik, eskera egiterako orduan, eskatzaileek TicketBAI aplikazioko altako 15 fitxategi aurkeztuta izan behar dituzte gutxienez Gipuzkoako Zerga Administrazioan, eskaera egin aurreko 15 egun naturaletan. Gero, dirulaguntza hauek argitaratzen direnetik 2022ko irailaren 1era bitartean, gutxienez 120 TicketBAI altako fitxategi bidaltzea exijituko da.