Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak premiazko neurriak adostu dituzte, egoera ekonomikoak gehien kaltetutako sektoreei likidezia emateko

Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano diputatu nagusiek aurreratu dituzte hiru erakundeen artean adostutako neurriak, langile autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak kalte ekonomikoetatik babestea helburu dutenak. Neurri horiek honako hauek dira: zergen ordainketa geroratzea, PFEZren ordainketa zatikatuak salbuestea eta gastuak konpentsatzeko forfait-a handitzea, bereziki errepideko garraioaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreentzako. Era berean, lehen sektorerako diru-laguntzen lerro berri bat onartuko dute aldundiek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek neurri sorta bat adostu dute egungo egoera ekonomiko globalaren ondorioen eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia indartzeko. Egoera horren ezaugarri nagusiak dira inflazioa eta energiaren eta lehengaien kostuen igoera, bai eta horiek ekoizpen-katean dituzten ondorioak ere. Testuinguru horretan, eta COVID-19aren pandemiak sortutako krisiaren aurrean egin zuten bezala, foru aldundiek aparteko neurriak hartu dituzte sare ekonomikoaren sektore ahulenetan egoera hau izaten ari den eragin negatiboa arintzeko, hala nola enpresa txikietan, mikroenpresetan eta langile autonomoetan.

Arabako diputatu nagusi den Ramiro Gonzalez; Bizkaiko diputatu nagusi den Unai Rementeriak; eta Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok aurreratu dutenez, neurri horiek honako hauek dira: zergen ordainketan aparteko geroratzeak ematea, interesik eta bermerik gabe; PFEZren ordainketa zatikatuak ordaintzetik salbuestea; gastuen forfait-a handitzea; eta lehen sektoreari diru-laguntza berriak ematea.

Irakurri gehiago


336550404_202203291309236765863_22515.jpg