Urtarrilean ireki dira ETEetan inbertsioak sortu eta bultzatzeko Gauzatu eta Indartu programetan aurre-eskaerak aurkezteko epea
- 2022ko Urtarrilaren 18a (-ek argitaratua)
Aurre-eskaera aurkeztuz gero, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat hartu ahal izango dira programa bakoitzaren deialdia baino lehen hasitako inbertsioak
Euskal enpresek urtarriletik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte inbertsioak egiteko 2022rako laguntza-eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Gauzatu Industria eta Indartu programetan. SPRI Taldeak, enpresen garapenerako euskal agentziak, kudeatzen ditu laguntza horiek. Tramite hori betez, diruz lagundu ahal izango dira 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera eta programa bakoitzaren deialdia argitaratu aurretik eginiko inbertsioak.
Baldin eta aurre-eskaera aurkezten bada inbertsioak hasi baino lehen, enpresek diruz laguntzeko moduko inbertsio bezala sailkatu ahal izango dituzte aurre-eskaera aurkeztu denetik eskaera formala (programaren deialdia argitaratu ondoren) aurkeztu bitartean egindako inbertsioak.
Programa bakoitzaren deialdiko eskaera formala aurkeztean, agirien artean sartu beharko dira aurre-eskaera eta bere sarrera-erregistroa.
Gauzatu programaren helburua da oinarri teknologikoa duten edota berritzaileak diren ETEak sortzen eta garatzen laguntzea, etorkizunerako lehiakortasun-estrategia gisa, eta, horretarako, enplegua sortuko duten inbertsioak babestea. Oinarri teknologikodun edo berritzaile gisa sailkatutako ETEentzako aurrerakin itzulgarriak dira, enplegua sortuko duten aktiboetan inbertitzeko emango direnak.
Indartu programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen dizkie enpresei (handiak eta ETEak), inbertsioak egin ditzaten Euskal Autonomi Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa (Europako araudiaren arabera) duten eremu eta udalerrietako aktiboetan.