Sare sozialak kudeatzen laguntzen diguten tresnak: Meta Business Suite eta Metricool

Gure negozioaren sare sozialak eramatea arreta osoa eskatzen duen lana izan daiteke, gure denboraren zati handi bat hartzen duena. Zorionez, badaude lan horretan lagunduko diguten tresnak, sare baten edo bat baino gehiagoren edukiak aldi berean planifikatzea eta programatzea ahalbidetzen baitigute.

Horietako bat Meta Business Suite dugu, duela gutxira arte Facebook Business Suite bezala ezagututakoa eta, bere izenak adierazten duen bezala, Facebook eta Instragram sareen jabe den Mark Zuckerbergek garatutako tresna da. Horrek oso baliabide garrantzitsua bihurtzen du bi sare sozial horietan besterik agertzen ez diren negozioetarako.

Doako funtzionalitatea da, eta erlatiboki berria, Facebookek abiarazi baitzuen 2020. urteko amaiera-aldera negozioei –bereziki ETEei, mikroETEei eta pertsona ekintzaileei– leku bakar bat emateko, bertatik Facebookeko eta Instagrameko beren enpresa-kontuak modu bateratuan kudeatu ditzaten.

Horrela, honako hauek egin ditzakegu Meta Business Suite tresnako paneletik:

  • Postak eta storieak Facebooken zein Instagramen argitaratu eta, garrantzitsuagoa dena, programatu eta birprogramatu.
  • Bi sare sozial hauetan ditugun gure negozioaren kontuen bidez jasotzen ditugun mezu eta komentario guztiak –Facebook Messenger txata barne– irakurri, eta haiei erantzun eta erreakzionatu. Horrela, zailagoa izango da erabiltzaileek planteatu diezaguketen edozein galdera edo komunikazio ez ikustea.
  • Iragarkiak egin bi sare sozialetan.
  • Gure argitalpenen estatistikak kontsultatu Facebooken eta Instagramen.

Tresna honen beste abantailetako bat zera da, ordenagailutik zein mugikorretik erabili daitekeela (app bat dago) eta, hori horrela, edozein enpresa edo pertsona ekintzailek normalean lanerako erabiltzen duen gailutik erabili ditzake.

Aurkako alderdien kapituluan, bada nahiko garrantzitsua den bat, hau da, gaur egun Meta Business Suite ez dagoela erabilgarri Facebooken eta Instagramen kontu guztietan. Zer irizpideren arabera dute enpresa-orri batzuek Business Suite tresnarako sarbidea eta beste batzuek ez? Ez dakigu. Izan ere, Facebooken laguntza-orrian ohartarazten digutenez, “litekeena da Meta Business Suite zure kasuan eskuragarri ez egotea” eta, doako baliabidea denez, azalpen labur horrekin konformatzea baino ez zaigu geratzen.

Bestalde, eta hasieran adierazi dugunez, tresna oso baliagarria da gure negozioa Facebooken eta Instagramen soilik agertzen bada, baina sare sozial gehiago kudeatzen baditugu, beste kudeaketa-plataforma bat beharko dugu, hala nola Hootsuite, Buffer edo Metricool, gure gogokoena.

Metricool, edukien programazioaz haratago
Sare sozial erabilienen edukiak biltzea –gune bakar batean–, kudeatzea eta planifikatzea ahalbidetzen digu tresna honek, hala nola: Facebook, Instagram, Twitter, Pinterest, TikTok, LinkedIn, Youtube, Twitch eta baita Google My Business aplikazioko fitxa ere.

Multipostinga (eduki bera zenbait sare sozialetan aldi berean argitaratzea edota programatzea) ahalbidetzeaz gain, Metricool tresnak informazioa ematen digu gure posten errendimenduari buruz kontu bakoitzean erabakiak hartu ahal ditzagun hainbat punturi dagokionez, hala nola zer edukik funtzionatzen duten hobeto, zer ordu den egokiena eduki horiek argitaratzeko, eta abar.

Tresna honekin, aukera izango dugu, halaber, leku bakar batetik erreakzionatzeko eta gure argitalpenekin elkar eragiten duten pertsonei erantzuteko, eta Google Ads eta Facebook Ads aplikazioen publizitate-kanpainak sortzeko eta kudeatzeko.

Beste funtzionalitate bereziki interesgarri bat konkurrentziaren edo gure erreferentziazko negozioen monitorizazioa da. Izan ere, tresna honek behatu nahi ditugun kontuek Facebooken, Instagramen, Twiterren eta Twitchen (baita ordainketa-bertsioko YouTuben ere) duten jarduera jarraitzea ahalbidetzen digu, dela gure lehiakideak direlako, dela gauzak nola egiten dituzten gustatzen zaigulako, eta abar.

Webgunean zein app-an dago eta doako bertsio oso konpletoa du, MikroETEentzat nahikoa baino gehiago dena, eta bost ordainketa-plan ditu hilabeteko 10 euroko zenbatekotik hasi eta hilabeteko 99 euroko zenbatekoraino, kudeatu beharreko kontu kopuruaren eta hilabetean programatutako argitalpen kopuruaren arabera.

Gainera, espainiar jatorriko tresna da (Laura Montells eta Juan Pablo Tejela dira garatzaileak, eta azken hori enpresako CEOa ere bada), eta horrenbestez, inoiz arazorik badugu edo enpresarekin harremanetan jarri behar badugu euskarriren bat eman diezaguten, ez dugu inolako arazorik izango hizkuntzarekin.

Informazio iturria: Gaztenpresa fundazioa


gzt-art-webinar-planifica-rrss.jpeg