Mugikortasun elektrikoarekin zerikusia duten proiektuentzako 875.000 euroko laguntza

Foru Aldundiak Smart Mobility Industry programaren urteko deialdia jarri du abian. Guztira, 870.000 euro bideratuko dira programa horretara, Gipuzkoako enpresaren eraldaketa bultzatzeko, jarduera elektromugikortasunaren, energiaren biltegiratzearen eta ibilgailu autonomoaren jarduera-sektoreekin lotutako negozio nitxo berrietara bideratuz. Lehendik dagoen enpresa ehunari lagundu nahi zaio, dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuz erronka eta behar berriei aurre egiteko "potentzial handiko" sektore batean, non Gipuzkoa "ondo kokatuta" dagoen, Imanol Lasa Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuaren arabera: "Oraina kudeatzeko eta egungo krisiaren larrialdiei erantzuteko garaia da, baina baita etorkizuna prestatzekoa ere".

Lasak eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendariak zehaztu dutenez, programa hiru laguntza ildotan egituratzen da: lehenean, proiektu pilotuak sustatzera bideratzen da, Gipuzkoa "living lab" bihurtzen laguntzeko eta mugarri izan dadin mugikortasun elektrikoaren industriari lotutako gune gisa; bigarrenean, enpresen barne-prozesuak hobetzen laguntzen da, enpresa eragiketen eraginkortasuna ziurtatzeko; eta hirugarrenean, zeinak izaera teknologikoagoa duen, laguntzak eskainiko dira produktu edo ekoizpen-prozesu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko. Proiektu pilotuetarako laguntzak 276.500 euro izango dira; enpresa berrikuntzarako laguntzak, 162.500 euro; eta produktuaren edo ekoizpen prozesuaren berrikuntza teknologikorako laguntzak, 431.000 euro.


AutoelektrikoaWeb.jpg