Gipuzkoak Piztu META! programaren deialdi berria aurkeztu du
- 2022ko Maiatzaren 18a (-ek argitaratua)
Proiektuak aurkezteko epea, maiatzak 4, hasi zen eta ekainaren 23an bukatuko da. Bestalde, diru-bilketaren kanpaina irailaren 29an hasiko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak eta Goteo Fundazioak gaur goizean iragarri dute Piztu META! programaren VII. ediziorako deialdia, mikromezenasgoa edo crowdfunding bidez kultur proiektuetan parte hartzeko eta finantzatzeko bide berria. Kulturako Departamentuak proiektu bakoitzak bere crowdfunding kanpainen bidez jasotzen duen diru kopuru bera bideratuko du, 70.000 euro gehienez programa osorako.
Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eta Eva Esteban Goteo Fundazioaren Matchfunding deialdien koordinatzaileak hartu dute parte prentsaurrekoan, aurreko deialdian parte hartu zuten bi proiekturekin batera: Nerea Kortabitarte, ¡Viva la diferencia, Juliette! proiektuaren sustatzailea, eta Ander Gisasola, KZ50, historia de un cineclub dokumentalaren sortzailea.
Kanpainak bi fase izango ditu, eta hauek dira bere helburuak: deialdian parte hartzen dutenak erakartzea, dohaintzak eta partaidetza sustatzea, hautatutako proiektuak ezagutaraztea eta kultur partaidetza bultzatuko duen giroa sortzea.
Edizio berri honen lehen fasea bihar, maiatzak 4, hasiko da proiektuak jasotzen direnean, eta epea ekainaren 23an bukatuko da. Une horretatik aurrera, kanpainara aterako diren proiektuak aukeratuko dira, eta irailaren 29an hasiko da diru-bilketaren kanpaina. Parte-hartzaileek hemen aurkeztu behar dituzte beren proiektuak: http://met.gote.org
Gainera, maiatzaren 25etik ekainaren 8ra bitartean, crowdfunding proiektuak garatzeko tailerrak burutuko dira herritar guztientzat. Uztailaren 13tik irailaren 28ra bitartean, aldiz, edizio honetan hautatutako proiektuek finantzaketa kolektiboari buruzko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute.
Harkaitz Millan Kulturako diputatuak azaldu duenez, “ekimen honen bidez, lotura handiagoa lortu nahi dugu kultura-proiektuen eta gizartearekin sortzen dutenen artean; era berean, baliabide ekonomiko berriak erakarri nahi ditugu, bereziki eremu pribatukoak, eta Gipuzkoako kultura-jarduerari iraunkortasun handiagoa eman nahi diogu”.
Piztu META! ekimenak gainera, aukera ematen du herritarrek eta gizarte-eragileek kultura-proiektuetan eta politiketan parte har dezaten sustatzeko; kultura-proiektu eta ekimenen gizarte-laguntza testatzeko, interneteko plataformetan aurkeztuz; diru-laguntza publikoak osatzeko, proiektu bakoitzaren jarraitzaileen ekarpenen bidez; eta finantziazio publikoa gizarte-babes handiena duten proiektu eta ekimenetara bideratzeko.
Programa hau Goteo Fundazioaren bidez garatzen da. Fundazio hau programaren laguntza eta sostengua emateaz, prestakuntzaz, goteo.org plataforman META gunea sortzeaz eta hautatutako proiektuak hautatu eta laguntzeaz arduratzen da.