Gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko jardunaldiak egingo dira bigarren urtez ekainean
- 2022ko Ekainaren 02a (-ek argitaratua)
'EKINola Etorkizuna zure eskuetan’, ekintzailetza jardunaldiak bigarren urtez egingo dira Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan, ekainaren 13tik 15era bitartean. Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Bergarako Udalak eta Enpresarek antolatu dituzte elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. Tazebaez aholkularitza taldeak dinamizatuko dituzte.
Ideia berri eta berritzaileak dituzten eta ekintzaileak diren gazteei zuzendutako jardunaldiak dira; horien bidez, autoenpleguaren inguruan sentiberatze lanketa eginez, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortu, elkar ezagutza sustatu, eta negozio ideia berritzaileak partekatu eta landu nahi dira.
Gazteek proposatuko zaizkien erronken inguruko ideiak aurkezteko aukera izango dute, eta baita horiek garatzeko dauden bitartekoak… ezagutzeko aukera. Elkarren beharra dute enpresek eta ekintzaile gazteek, eta jardunaldi hauek horretarako zubia ere badira.
Bergarak historikoki izan du ekintzailetasunerako grina. Ekimen honekin izaera hori indartu eta sustatu nahi da, gazteei enpresetan txertatzeko bidea egiten laguntzearekin batera.
Ekintzailetasuna sustatzeko Udalak lantzen dituen ekimenen osagarria da jardunaldi hau.
Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroak ikasturtean zehar egiten duen lana bultzatzeko ere tresna baliagarria dira, izan ere, Lanbide Heziketan ikasleak laneratze bidean jartzen dira, eta urtez urte lantzen da ekintzailetasuna. Jardunaldietan, iaz egin zuten moduan, espazio bat dute garapenerako. Eta eskualdeko enpresak aurrez aurre ezagutzeko aukera dute parte hartzaileek.