Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro baino gehiago eskaintzen dizkie enpresei teknologia berriak ezar ditzaten

Industria Digitala programak, iaz 686 proiektu onartu zituenak, laguntzak ematen ditu EIKTen diagnostikoa egiteko edo EIKTak ezartzeko.

Eusko Jaurlaritzak 6,1 milioi euro eskaintzen dizkie enpresei  aurten laguntzatan, EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) diagnostikoak egiteko edo EIKTak ezartzeko. SPRI Taldearen Industria Digitala programaren helburua da gaitasun digital berriak barneratzen laguntzea enpresei, euren ekoizpen-prozesuetan aplikatu ditzaten.

Iazko edizioan bezalaxe, aurten ere proiektu bakoitzak 18.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea zabalik dago jada eta irailaren 23an itxiko da. Iaz 686 proiektu babestu ziren 6,16 milioi euroko aurrekontuarekin.  Proiektu bakoitzak 8.990 euroko laguntza jaso zuen batez beste. Uste da aurten 640 eskaera jasoko direla.

Programa honek aurrekontua handitu zuen joan den irailean, 5,1 milioitik 6,1 milioira igo baitzen, eta 2022an mantendu egingo da 6,1 milioiko kopuru hori.

Industria digitala programak laguntzak ematen ditu EIKTen diagnostikoak egiteko edo EIKTak ezartzeko proiektuetarako, besteak beste arlo hauetan: enpresa barruko informazio-sistemetatik Cloud zerbitzuetaranzko migrazioa; sentsorika, SCADA, zerbitizazioa, prozesuen automatizazioa, Big Data eta Blockchain; errealitate birtuala, areagotua eta mistoa eta ikusmen artifiziala; Smart Factory eta gaitasun fisiko nahiz birtualak konbinatzen dituzten prozesu industrialen simulazioa; fabrikazio gehigarria, zeinak bere baitan hartzen baititu ingeniaritza- eta aholkularitza-zerbitzuak, laguntza emateko hasierako ideiatik eta diseinutik produkzio faseraino; gamifikazioa eta arlo horretako aholkularitza-proiektuak, zeintzuek jolasetatik ateratako teknikak aplikatuko baitituzte erabiltzaileak leialtzeko, motibatzeko eta haien konpromisoa lortzeko; merkataritza elektronikoa; enpresako kudeaketa aurreratuko sistemak; produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa eta telelana.

Jarraitu irakurtzen


26_industria-digital_blog.jpg