Eusko Jaurlaritzak 2,8 milioira igo ditu ETEei berritzeko ematen dizkien laguntzak
- 2022ko Maiatzaren 03a (-ek argitaratua)
Eusko Jaurlaritzak ia 2,8 milioi euroraino igo ditu aurten ETEei berrikuntzan lehen urratsak emateko eskaintzen dizkien laguntzak. Hazinnova programak aholkularitza espezializatua ematen die ETEei berrikuntzako mikroproiektuak gauzatu ditzaten produktuan eta negozio-prozesuetan, zehazki, arlo hauetan: produktua, barneko prozesu administratiboak, pertsonak, fabrikazioa, logistika, merkaturatzea eta administrazioa eta finantzak. Apirilaren 5ean irekiko da epea SPRI Taldeak kudeatzen duen zerbitzu honetan eskaerak egiteko, eta abenduaren 1ean itxiko da.
Hazinnova bereziki zuzentzen zaie 5 pertsona edo gehiagoko plantillak dituzten eta berrikuntza arloan lehen urratsak ematen ari diren enpresei. Programako laguntzak proiektu puntualentzat dira (50 aholkularitza-ordu), eta proiektu horiek denboran mugatuak (3 hilabete) izan behar dute eta inpaktu handia sortu behar dute euren jarduera-eremuan. Zerbitzua doakoa da eta lehen mailako aholkularitza-konpainien bitartez ematen da.
Gainera, ETEek hurbileko Hazinnova agente baten laguntza dute prozesu osoan zehar. Programa honi esker, berrikuntza-prozesuetan sekula jardun ez duten ETEek mikroproiektu bat bultzatu dezakete dohainik eta modu errazean, eta emaitza ukigarriak lortu 3 hilabetean.
Ekimen hau lagungarria da enpresaren errentagarritasuna hobeto kontrolatzeko, prozesuen efizientzia hobetzeko, entregen gastuak edo epeak gutxitzeko, enplegatuak motibatzeko, merkatu-kuota handitzeko, bezero-segmentu berrietara iristeko edo jabetza industriala babesteko.
Eskualdeko Berrikuntzaren 2021eko Koadroaren arabera, Euskadi lehenbizikoz kokatu da Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik berrikuntzaren indizean (103,6 puntu lortu ditu EBren 100 puntuen aldean), eta posizio hori lortzeko funtsezkoa izan da enpresa txiki eta ertainek berrikuntza arloan egin duten lana. Hainbat enpresek, besteak beste Hazinnova programan parte hartu dutenek, eginiko ahalegin handiari esker lortu da berrikuntza handiko eskualde izendapen hori.
Hazinnova 2019an jarri zen martxan, eta harrezkero emaitza positiboak lortu ditu: 437 enpresak parte hartu dute, eta onartutako proiektuen % 96k arrakastaz amaitu dute laguntza-prozesua.
Informazioa iturria: SPRI Taldea