Bizkaiak batuz araudia onartu du eta egokitzapen-aldia urriaren 1ean hasiko da

TicketBAI fakturak egitea eta Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua edukitzea nahitaezkoa izango da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, baina urritik aurrera enpresa eta langile autonomoek sistema berrira egokitzen has daitezke. Iruzur fiskalaren aurkako borrokan funtsezko tresna izateaz gain, Batuz-ek aukera emango dio Foru Ogasunari zergadunen esku jartzeko BEZaren, Errentaren eta Sozietateen aitorpenen zirriborroa.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek Batuz proiektua ezartzeko erregelamendua garatzen duen Foru Dekretua onartu du. Dekretu honek TicketBAI fakturazio-sistema hartzeko eta eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuak edukitzeko betebeharrak jasotzen ditu, eta Foru Ogasunak egindako aitorpen-zirriborroak zergadunen eskura jartzeko aukera ematen du.

Bizkaiko enpresa eta langile autonomoek, horien operazioen tamaina edo bolumena edozein dela ere, derrigorrez Batuz sistema ezarri beharko dute 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta datorren urriaren 1etik aurrera egokitzapen-aldia irekiko da, probak borondatez egin ahal izateko.

Batuz Bizkaiko Foru Ogasunaren estrategia integrala da jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztien tributazioa kontrolatzeko, eta kudeaketa-eredu berri bat ezartzen du aldi berean zergadunei euren zerga-betebeharrak betetzea erraztuz.




TicketBai.png