28 milioi euro ETE teknologikoak eta berritzaileak garatzeko

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean onartu du 28 milioi euro bideratzea oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko ETEak sortu eta garatzeko, GAUZATU Industria programaren bidez.

Programa honen helburua da enpresen hazkundea bultzatzea, finantzaketarako sarbidea erraztuta, eta dauden tresnen eta sortzen direnen kudeaketa koordinatua eta eraginkorra bermatzea. Gainera, aurten bidea emango du 100 milioi euroko inbertsio induzitua egiteko eta 500 enplegu sortzeko.

GAUZATU programa ekonomikoki eraginkorra da. Izan ere, programa abian jartzearen kostua mugatuta dago daukan kreditu-izaera inplizituagatik, eta nagusia itzuli egin behar da egikaritutako inbertsioen proportzioan.

Laguntza erreala honako hauei dagokie:
  • Interesak ez ordaintzea.
  • Finantza-erakundeekiko kreditu-lerroen liberazioa.
  • Laguntza itzulgarri hauek lortzeko bermerik edo abalik behar ez izatea.
Programa hau oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko ETEak sustatzean datza, eta horrek inpaktua du EAEko garapen teknologikoan eta berrikuntzan. Hortaz, une honetan hain garrantzitsua den ehun ekonomikoaren produktibitatea hobekuntzen laguntzen du.

Era berean, proiektu horiei lagunduta, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi da, EAEko aberastasun ekonomikoa eta soziala sortzen laguntzeko.

Berrikuntzak aukera berdinak ematen ditu handiaren eta txikiaren artean, baita gutxi-asko garatutako zonen artean ere. Horrenbestez, parametro horiek indartu behar ditugu, eta oinarri teknologiko edo berritzailekotzat jotzen diren proiektu esklusiboetan zentratu eta horietara bideratu behar dugu ahalegina, betiere kontuan hartuta badirela eduki eta/edo filosofia desberdineko proiektuetarako laguntzak bideratzen dituzten programak.

Gobernuak, egungo krisian ere, enpresek lehiakor izaten jarrai dezaten du helburu, eta lehendik dauden lanpostuak finkatu eta ahalik eta enplegu gehien sortu nahi ditu.

2000n abian jarri zenetik 2019ra arte, 1.227 inbertsio-proiekturi eman zaie laguntza GAUZATU Industriaren esparruan. Denera, 2.245 milioi euroko inbertsioaz eta 14.933 lanpostu sortzeaz ari gara, enpresa onuradunek itzuli beharko dituzten 537 milioi euroko laguntza-bolumenarekin.

Programak emaitza onak ditu eta ETE-en beharrak asetzen ditu, finantza-erakundeekiko tresna alternatibotzat hartzen baita.


banner_ayudas_gauzatu28.jpg